Other posts related to artea

Hitzaldi zikloa

getaria09| 2009-04-21 14:32

800. urteurrena dela eta herriko historian sakontzeko hitzaldi zikloa antolatu da Getarian. Hitzaldi guztiak 19:30etatik aurrera izango dira udaletxeko udalbatzar aretoan.

Hona hemen hitzaldien egutegia:

  • Martxoak 26: Erromanizazioa eta ondorengo mendeak. Mahai-ingurua. Hizlariak: Xabier Alberdi (historian doktorea eta Zehazteneko arduraduna) eta Jesus M. Perez (arkeologoa eta Zehazteneko arduraduna).
  • Apirilak 23: Erdi Aroa eta Aro Berria: Itsasoa XV-XIX. mendeetan zehar. Hizlariak: Fernando Txueka (sendagilea eta Getariako historian aditua) eta Xabier Alberdi (historian doktorea eta Zehazteneko arduraduna).
  • Maiatzak 6: Erlijiotasuna Getariako nekazari eta marinelen bizitzan. Hizlaria: Emeterio Sorazu (apaiz zerbitzaria, irakaslea, euskal ohituren aztertzailea, eta antropologoa).
  • Maiatzak 15: Getaria antzinateko euskararen argibide: izena eta izana. Hizlaria: Joaquin Gorrotxategi (Hizkuntzalaritza Indieuroparrean katedraduna).
  • Ekainak 18: Nekazaritza: mahasgintza eta txakolina. Hizlaria: Iñaki Txueka (Txomin Etxaniz txakolindegiko arduraduna eta enologoa).
  • Uztailak 9: Konbentzioa Getarian: XIX. mende amaierako gertakariak. Hizlaria: Joseba Goñi (Deustuko Unibertsitateko irakaslea).
  • Uztailak 16: Karlismoa Getarian. Hizlaria: Carlos Rilova (Historian doktore).
  • Irailak 17: Getariaren fundazioa. Hizlariak: Jose Luis Orella (Deustuko Unibertsitatetik Erdi Aroaren historian katedraduna eta EHUtik Zuzenbidearen historian katedraduna), Jesus M. Perez (arkeologoa eta Zehazteneko arduraduna) eta Roldan Jimeno (Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea).
  • Urriak 8: Arkitektura eta urbanismoa:

- Eliza. Hizlaria: Mertxe Urteaga (Oiasso Erromatar Museoko zuzendaria eta Arkeolaneko zuzendaria).

- Arkitektura zibila eta hirigintza. Hizlaria: Ismael Manterola (EHU-ko Arte Historiako irakaslea).

  • Urriak 22:

- Elkano. Hizlaria: Fernando Txueka (sendagilea eta Getariako historian aditua)

- Medikuntza eta gaixotasunak XVI. mendean. Nabigazio luzeak. Hizlaria: Jose Maria Urkia (sendagilea eta EHU-ko medikuntza historiaren irakaslea).

  • Azaroak 19: Getariako ospitale eta sorospena. XIX. mende amaieran herrian izandako gertakariei buruz hitz egingo da. Hizlaria: Fernando Txueka (sendagilea eta Getariako historian aditua).
  • Abenduak 17:

- Ontzigintza. Hizlaria: Xabier Agote (Albaola elkarteko arduraduna eta ontzigintza tradizionalean aditua).

- Itsas tresnak. Hizlaria: Pello Iribar (arrantza teknika tradizionaletan aditua).

San Martin eta San Prudentzio

getaria09| 2008-09-05 10:00

Askizuko bailarako parrokia da San Martin eliza eta San Prudentzio bertako baseliza. San Martin parrokia Gipuzkoako eliza gotiko ederrenetako bat izateaz gain estilo horren adierazpen zaharrena da, XIII. mendean koka dezakegularik bere burualdearen eraikuntza. Bietan 2007-an egindako indusketa arkeologikoetan aurkikuntza garrantzitsuak burutu dira.

  • San Martinen Goi Erdi Aroko hilerrian barne haitzetan zizelkatutako hilobi antropomorfoak aurkitu dira, Gipuzkoan bakarrak.
  • San Prudentzion benetan ezohizkoak diren erritualak dokumentatu dira: XIV. mendean koka daitekeen janzkera pertsonaleko elementuz osatutako altxorra, baseliza batean ohikoak ez diren hilobiratzeak eta abar.

400 Bisitari Baino Gehiago

getaria09| 2008-08-26 16:40

Ekainaren 15ean hasi ziren Getariako historia eta artea ezagutzeko antolatutako bisita gidatuak. Bai “Getariako Sustraiak” izena daraman bisita gidatuak eta baita “Salbatore Deuna, katedral txiki bat” izena daraman bisita historiko-artistikoak interesa piztu dute getariarren eta bisitarien artean. Hau horrela, etengabeko bisitari jarioa dago “Getaria 1209-2009″ proiektuak kale nagusian duen bulegoan.

Egun hauetan kontu kontari ibili gara eta 400 bisitari baino gehiago izan ditugula konturatu gara. Lehenengo urtea izateko eta Uda oraindik ez dela bukatu kontutan hartuz ez dago batere gaizki, ezta?

Salbatore deuna, katedral txiki bat

getaria09| 2008-06-20 21:26

Triforioan barrenaSalbatore Deuna parroki-eliza Gipuzkoako gotiko estiloaren adierazpen nagusiena da. Gaur egun ikus dezakegun eraikuntza XV.mende osoan zehar eraiki zen.

Lehenago zegoen eliza ere benetan esanguratsua zen Erdi Aroko gipuzkoarrentzat. Bertan Gipuzkoarren itsas jarduera nagusiei buruzko dokumentu garrantzitsuenak gordetzen ziren. Gainera, 1397an bertan bildu zen gipuzkoarren ordezkarien batzarra, Probintziaren sorburu izan zen Gipuzkoako Hermandadeari sorrera eman ziona.

Salbatore deunak katedral gotiko txiki baten izaerari dagozkion elementu arkitektoniko ugari biltzen ditu. Altuera eta hedapen desberdina duten erdiko eta albotako nabeek gurutze gangak dituzte. Ganga horien pisua horma nagusietatik kontrafuerteetara bideratzeko arbotanteez baliatzen da. Ondorioz, hormak oso meheak dira, leiho eta triforio zabalez zulatuak. Triforioak erdiko nabearen perimetro osoan zehar hedatzen dira, beren antzinako zeregin nagusia leiho handietara iristeko bidea erraztea zelarik. Aipagarria da, eliza honek, bi triforio dituela (bata bestearen gainean) eta alboko nabeetako gangen gainean bi areto zabal daudela. Guzti honetaz gain, erdiko nabearen gailurrean kanpotik dihoan erronda bide bat dauka.