Other posts related to salbatore-deuna

Bisita Gidatuak Aurkezteko Prentsaurrekoa

getaria09| 2008-06-24 10:04

Ekainaren 23 astelehena, Uda honetarako Getarian antolatu diren erakusketa eta bisita gidatuen aurkezpen ofiziala izan da. Bertara herriko zenbait ostalari eta prentsa gonbidatu dira eta Joan Sebastian Elkano marinelari buruzko erakusketaren aurkezpenarekin hasi da ibilbidea. Erakusketa honetan Elkanoren bizitza eta honek buruturiko bidaia famatuaren berri ematen da.

Ondoren, gonbidatuek, Getariako Sustraiak eta Salbatore Deuna, Katedral txiki bat bisita gidatuen berri izan dute. Zarautz Jauregian, Getariak izan duen 2000 urteetako historia ezagutu dute. Askorentzat sorpresa bat izan da arkeologoek Getarian atera dituzten arrasto eta materialak ikustea.

Bisitariak Salbatore Deuna elizaruntz habiatu dira templu honen arkitekturaren eta historiaren berri izateko. Bertako aztarnategian agertu zen eliza zaharraren paretek eta hilerriak templu honen lehen notiziak eman dizkie. Bere historia eta arkitektura ezagutzen jarraitzeko triforio, alboko nabe, kanpandorre eta erronda bidean zehar ibili dira.

Bukatzeko, itsasoko produktuak dastatzeko aukera izan dute Udaletxean antolatu den lunch-ean. Getarian izanik, prentsaurrekoari ezin zitzaion bukaera aproposagorik eman.

Salbatore deuna, katedral txiki bat

getaria09| 2008-06-20 21:26

Triforioan barrenaSalbatore Deuna parroki-eliza Gipuzkoako gotiko estiloaren adierazpen nagusiena da. Gaur egun ikus dezakegun eraikuntza XV.mende osoan zehar eraiki zen.

Lehenago zegoen eliza ere benetan esanguratsua zen Erdi Aroko gipuzkoarrentzat. Bertan Gipuzkoarren itsas jarduera nagusiei buruzko dokumentu garrantzitsuenak gordetzen ziren. Gainera, 1397an bertan bildu zen gipuzkoarren ordezkarien batzarra, Probintziaren sorburu izan zen Gipuzkoako Hermandadeari sorrera eman ziona.

Salbatore deunak katedral gotiko txiki baten izaerari dagozkion elementu arkitektoniko ugari biltzen ditu. Altuera eta hedapen desberdina duten erdiko eta albotako nabeek gurutze gangak dituzte. Ganga horien pisua horma nagusietatik kontrafuerteetara bideratzeko arbotanteez baliatzen da. Ondorioz, hormak oso meheak dira, leiho eta triforio zabalez zulatuak. Triforioak erdiko nabearen perimetro osoan zehar hedatzen dira, beren antzinako zeregin nagusia leiho handietara iristeko bidea erraztea zelarik. Aipagarria da, eliza honek, bi triforio dituela (bata bestearen gainean) eta alboko nabeetako gangen gainean bi areto zabal daudela. Guzti honetaz gain, erdiko nabearen gailurrean kanpotik dihoan erronda bide bat dauka.